Podiuma Kwiatkowski munduko txapeldunak eta
Ilnur Zakarin errusiarrak osatu dute.
Aurtengo
itzuliko gizonik azkarrena bera dela erakutsi du Michael Matthews Orica Green
Edge taldeko txirrindulariak. Esprintean bukatu da Bilbon hasi eta bukatu den
etapa, eta australiarrak ez du gainontzeko arerioekiko gupidarik izan.
Taldekideek ongi kokatu dute azken kilometroetan, eta Gran Viako zuzengune
luzean aise hartu ditu mendean inguruan zituen txirrindulariak. Horrela, gaur
lortu duen garaipenarekin liderraren mailot horia zein azkarrenaren mailot
txuria eskuratu ditu.
Lasterketa
ihesaldi goiztiar batekin hasi da. Izan ere, 3. kilometroan Omar Fraile (Rural
Kutxa), Anthony Turgis (Cofidis) eta Brian Bulgac-ek (Lotto-Jumbo) tropeletik
alde egitea erabaki dute. Bazekiten ihesaldiak lehenengo etapan arrakasta
izatea zaila izaten dela, baina tarteko helmugetako puntuak zein mendiko
puntuak lortzeko, eta horrekin batera, podiumera igotzeko aukera ez dute
alferrik galdu nahi izan. Horrela, Morgako gainean Turgis frantziarrak aurrea
hartu die ihesaldiko beste bi kideei, mendiko lehenengo puntuak lortuz.
Alabaina, Omar Fraile santurtziarra ez zegoen geldirik egoteko, eta Gangureneko
gainaren lehen igoeran beste bi txirrindulariak atzean utzi eta hortik
aurrerako bidea bakarrik egitea erabaki du.
Rural
Kutxako txirrindulariak pedal kolpe bikaina erakutsi du, eta Bilboko karriketan
lasterketa buruan izatearen ohorea izan du. Haatik, indarrak ahitzen joan
zaizkio, eta hori gutxi balitz, tropela tximista bezala zetorren atzetik, Anton
eta Gorka Izagirre euskaldunen gidaritzapean. Horrela, bada, Gangureneko bigarren igoeran santurtziarrak
hanka altxa, eta tropelari itxarotea erabaki du. Azkenean ez du egunean zehar
egin duen lan aparta borobiltzerik lortu, baina gaur emandako indar
erakustaldiak duela bi urte erakutsi zuen bertsioa ekarri du gogora.
Eraso festa Gangurenen
Behin
tropelak eguneko ihesaldia deuseztuta, etapako azken portua igotzeari ekin dio.
Lehenengo erasoak berehala iritsi dira: lehenengoan Vuillermoz, Arredondo eta
Wellens izan dira protagonista, baina ez dute aurrera egiteko adostasunik
lortu, eta tropelak berehala harrapatu die. Ondoren beste zenbait eraso kolpe
izan dira, baina denetan indartsuena Sergio Luis Henao Sky taldeko kolonbiarrak
jo du. Eraso honek gizonik indartsuenak urduritu egin ditu, eta abiadura
handituta, tropela guztiz zatitu da.
Gauzak
horrela, Henao harrapatu eta beherantzko bideari ekin dio 40 lagun inguruko
tropeltxoak. Batik bat Astanakoak tropeletik ihes egiten saiatu dira, baina
abiadura handiegia zen tarteak zabaltzeko. Modu horretan, etapa esprintean
erabaki da. Michael Mathews izan da azkarrena, bigarren Kwiatkowski sartu da,
eta hirugarren Zakarin errusiarrak egin du.