2015(e)ko apirilaren 6(a), astelehena

Matthews izan da azkarrena Bilboko helmugan

Podiuma Kwiatkowski munduko txapeldunak eta  Ilnur Zakarin errusiarrak osatu dute.


Aurtengo itzuliko gizonik azkarrena bera dela erakutsi du Michael Matthews Orica Green Edge taldeko txirrindulariak. Esprintean bukatu da Bilbon hasi eta bukatu den etapa, eta australiarrak ez du gainontzeko arerioekiko gupidarik izan. Taldekideek ongi kokatu dute azken kilometroetan, eta Gran Viako zuzengune luzean aise hartu ditu mendean inguruan zituen txirrindulariak. Horrela, gaur lortu duen garaipenarekin liderraren mailot horia zein azkarrenaren mailot txuria eskuratu ditu.

Lasterketa ihesaldi goiztiar batekin hasi da. Izan ere, 3. kilometroan Omar Fraile (Rural Kutxa), Anthony Turgis (Cofidis) eta Brian Bulgac-ek (Lotto-Jumbo) tropeletik alde egitea erabaki dute. Bazekiten ihesaldiak lehenengo etapan arrakasta izatea zaila izaten dela, baina tarteko helmugetako puntuak zein mendiko puntuak lortzeko, eta horrekin batera, podiumera igotzeko aukera ez dute alferrik galdu nahi izan. Horrela, Morgako gainean Turgis frantziarrak aurrea hartu die ihesaldiko beste bi kideei, mendiko lehenengo puntuak lortuz. Alabaina, Omar Fraile santurtziarra ez zegoen geldirik egoteko, eta Gangureneko gainaren lehen igoeran beste bi txirrindulariak atzean utzi eta hortik aurrerako bidea bakarrik egitea erabaki du.

Rural Kutxako txirrindulariak pedal kolpe bikaina erakutsi du, eta Bilboko karriketan lasterketa buruan izatearen ohorea izan du. Haatik, indarrak ahitzen joan zaizkio, eta hori gutxi balitz, tropela tximista bezala zetorren atzetik, Anton eta Gorka Izagirre euskaldunen gidaritzapean. Horrela, bada,  Gangureneko bigarren igoeran santurtziarrak hanka altxa, eta tropelari itxarotea erabaki du. Azkenean ez du egunean zehar egin duen lan aparta borobiltzerik lortu, baina gaur emandako indar erakustaldiak duela bi urte erakutsi zuen bertsioa ekarri du gogora.

Eraso festa Gangurenen
Behin tropelak eguneko ihesaldia deuseztuta, etapako azken portua igotzeari ekin dio. Lehenengo erasoak berehala iritsi dira: lehenengoan Vuillermoz, Arredondo eta Wellens izan dira protagonista, baina ez dute aurrera egiteko adostasunik lortu, eta tropelak berehala harrapatu die. Ondoren beste zenbait eraso kolpe izan dira, baina denetan indartsuena Sergio Luis Henao Sky taldeko kolonbiarrak jo du. Eraso honek gizonik indartsuenak urduritu egin ditu, eta abiadura handituta, tropela guztiz zatitu da.

Gauzak horrela, Henao harrapatu eta beherantzko bideari ekin dio 40 lagun inguruko tropeltxoak. Batik bat Astanakoak tropeletik ihes egiten saiatu dira, baina abiadura handiegia zen tarteak zabaltzeko. Modu horretan, etapa esprintean erabaki da. Michael Mathews izan da azkarrena, bigarren Kwiatkowski sartu da, eta hirugarren Zakarin errusiarrak egin du.  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina